2009/09/18

Futbola, kirol monokultiboa

Ezagutzen didatenek, jakin, badakite ez diodala futbolari atsegin handirik. Edo tira, ez gaitezen erratu. Futbola atsegin zait, ez nire ametsetako kirol bezala, baina garai batean gustura ibiltzen nintzen.
Gustuko ez dudana "futbolzaletasuna" da, nolabait esatearren. Batek baina gehiagok esango du hori nere izaeraren parte dela, "gehiengoak" egiten duenaren aurka joatearen parte, alegia. Eta baliteke.

Baina beno, horrek beste sarrera oso bat idazteko ematen duenez, goazen gaur buruartean dudanaren arira.

Izan ere, nik beti pentsatu dut futbolaren inguruko guztia norberaren arazo dela. Hau da, futbol jokalariek milioiak irabazten dituztela, eta zuk partidurako sarrera erosi nahi duzula? zuk zeuk, atsegin bazaizu, on dagizula! Baina beti gertatu ohi den bezala, gauzak ez dira hain sinpleak.

Lehengoan Argia irakurtzen ari nintzela, futbol taldeei buruzko artikulu bat zetorren. Eta ara non irakurtzen dudan "Osasunak 60,46 milioi euro zor ditu; Bilboko Athletic futbol taldeak 52,76 milioi; Realak 30,90 milioi eta Alavesek 26,85 milioi". Eta nori zor? Zati handi bat, ogasunari (haziendari). Eta hori nolatan? gobernuen, aldundien, udalen eta bankuen laguntzarekin, zorrak barkatuz, zenbaki gorrietan diren taldeei diru gehiego uzten, eta "bista gorda" eginaz, argi dago.


Eta hau txantxa da? ez, ez da txantxa. Zuk urteren batean ogasunari iruzur eginez gero, gainera etor lekizukeena ez da txantxa, horretaz ari bagara. Zorrak dituen pertsona batek, eta ordaindu ezin baditu, etxerik gabe ere geratu daiteke, azken aldian ohikoa denez.

Baina gure mundua zoriontsu denez, jende ugari zorrak ezin ordaintzeagatik etxerik gabe geratzen den bitartean, futbol taldeek milioika euro ordaintzen dituzte jokalari exotikoengatik, ez duten diru batekin, edo beste era batera, itzul ezin dezaketen diruarekin.
Baina noski, futbola futbola da, eta denon hobe beharrez da guzti hau. Izan ere, lanpostua galdu eta etxea bankuak eraman dion pertsona horrek erraz pentsatuko du "mesedez, txorakeriak, orain futbolik gabe geratzea baino ez dugu behar".

Futbola salbatzea zure ekonomia salbatzea baina garrantzitsuagoa da. Izan ere, jendeak egunkaria hartzean kirolen atala irikitzen du, ez gainontzeko albisteena.

1 comment:

kontrabentana said...

Ongietorri bñt, blogaren mundura!

"Batek baina gehiagok esango du hori nere izaeraren parte dela, "gehiengoak" egiten duenaren aurka joatearen parte, alegia. Eta baliteke." - baliteke ez, hala ek.

Ah,ta asko gustatze zaiak idazteko erabiltzeken era hoi, ironia hoi. Emateik malaostia permanente baten hagola. Gustatze zaiak!